Dra. Ainhoa Murua Ugarte. Bióloga. Investigadora. European Ph.D. (Doctor Europaeus) » Vacios
default logo

Vacios

“KONTSEJUTIK” herritarren txokoa
Legazpiko Udal aldizkaria 2014ko urtarrila. 5.alea

gutuna.  LOS VACIOS DE AINHOA MURUA NOS UNEN

wp200x200-idoia_despedida_056

Artikulu honetan ez naiz Ainhoaren ikerketa merituez arituko, nahiz eta bere gaztetasunerako zeukan curriculuma oso ona izan (Premio extraordinario de doctorado, Premio SPLC-CRS mejor Tesis Doctoral, Premio de Investigación e Innovación en Materia de Medicamentos de la Asociación Española de Derecho, eta abar handi bat).

Dudarik gabe Ainhoa ikertzaile bikaina zen, baina gure legazpiarrak bazituen aipatu nahiko nituzkeen beste hainbat bertute. Ainhoak talde lanean sinesten zuen eta ez litzaioke gustatuko, beraz, lehenengo pertsonan bakarrik hitz egingo banu. Dena den, bere baimenarekin 2007ko udazkenean kokatuko dut lokuzio honen hasiera, berarekin izan nuen lehenengo harremanaren narrazio laburrarekin. Ni berria nintzen laborategian eta momentu hartan Alemanian estantzia egiten ari zen neska baten tokian jarri ninduten. Oraintxe bertan gertatzen balego bezala gogoratzen dut email hura, bueltatzen zenean bere lekua libre nahi zuela zioen mezua. Erabat beldurtu ninduen eta ez nintzen lasai gelditu, denbora gutxira, ongietorria emateko idatzi zidan mezua heldu arte, hura izan zen ordaindu beharreko “nobatada” eta Ainhoaren umore onaren seinalea. Alemaniatik bueltatu ostean zeukan leku apurra nirekin banatu zuen eta bi urte luzez Lucio Lascaray Ikerketa Zentroa eraiki arte, nire laborategiko bikotea izateko ohorea eduki nuen, Ainhoa oso eskuzabala zen. Ainhoa aldamenean nuela erraz integratu nintzen taldean, gainera biok Tauro eta hori gutxi balitz ni baino 5 egun zaharragoa.

Lehen agindu bezala, lehen pertsonan aritzeari utziko diot eta gehiago zehazten ahaleginduko naiz Ainhoa guretzat zena: sarritan oso-oso txikiak sentitzen ginen bere aldamenean. Ideiak oso argi zeuzkan, lortu nahi zituen helburuak beti presente eta lanerako gogo izugarria. Besteok teknologia berriekin borrokatzen genuen bitartean, berak gurean oraindik ezagunak ez ziren aplikazioak erabiltzen zituen. Lehenengo BlackBerry-ak laborategian Gorka eta Ainhoarenak izan ziren eta modako abestiak entzuteko spotify aplikazioa zeukan ordenagailuan, Ainhoari musika entzutea eta dantza egitea gustatzen zitzaion, bere alboan egunak alaitsuagoak ziren. Zenbati erakutsi zenien zelulak mikrokapsularatzen? Zenbati eman zenizkion animoak guztia beltz kolorekoa zirudienean? Zenbat artikulu errebisatu? Zenbat proiektu proposatu? Zenbat sagu maneiatzen lagundu? Eta beti irribarre batekin aurpegian. Ainhoa Liderra zen eta gainera erabat konbentzitzen gintuen Liderra.

Hitzez ezinezkoa da azaltzea guretzat Ainhoa zena. Edonork nahiko lukeen lankidea, bere interesen gainetik taldearen beharrak ikusten zituena, mahai baten bueltan, kafesnearen epeltasunean, ikerketaz edo bizitzako beste edozein kontuz elkarrizketa goxoa eskaintzen zuen neska, beti laguntzeko prest zegoena, exigentea, pasioz betea eta bakoitzari gure onena ateratzeko gai zena.

Argi dago faltan botatzen zaitugula eta nahiz eta bizitzak aurrera jarraitu eta eguneroko eginbeharren zurrunbiloan murgilduta egon, horren da handia zure hutsunea ezen egunero zaudela laborategian presente. Zelulak kultibatzen ditugunean, jartzen zinen txokora hurbiltzen garenean eta batez ere parte hartu zenuen ikerketetako posterretan zure izena irakurtzen dugunean.

Ez nuke amaitu nahi zera azpimarratu gabe: hutsune hitzak berez zentzu negatiboa dauka, baina Ainhoaren hutsunea ezinezkoa zirudiena posible egiteko gai izan da. Ainhoa, banatutako jendea batzeko gai izan zara!

Jon Zarate Sesma UPV/EHU-KO FARMAZIA FAKULTATEKO LABORATEGIKO KIDEEN IZENEAN